Mauleko Maskarada 2017

Martxoaren 4ean larunbata, goizean goizetik 17 lagun Larrabetzutik abiatu ginen Zuberoara, Mauleko maskarada ikustera.

Zuberoako maskarada, dantzak, bertsoak, kantak eta antzerkiz osatutako ikuskizun bat da, jatorri zahar eta ezezagunekoa.

Peajez jositako ibilbidea egin ondoren, hamabi eta erdiak ziren lehenengo barrikadarekin topo egin genuenean, Mauleko plaza handi baten aurrean dagoen Herriko Etxean.

Ondoren Mauleko kaleetatik zehar dantza giroan jarraitu genuen, dantza eta … lagun egite giroan ere, goizeko saioa Mauleko goiko auzo batean amaituz, Haute-Ville plazan.

Bazkaltzeko ordua heldu zenez Château Libarrenx-era joan ginen bazkaltzera eta gure gauzak uztera, asteburuan lo egiteko gure lekua izango baitzen. Ostatu gomendagarria dudarik gabe. Logela erosoak eta bazkaltzeko leku handia. Ia bakarrik guretzat eduki genuen Château osoa. Oso pozik gelditu ginen jasotako tratuarekin.

Bazkaldu eta segituan maskarada utzi genuen lekura bueltatu ginen, han egingo baitzen bigarren zatia. Saio honetan musika eta dantzaz gain, kantu eta antzerki gehiago egin zuten orma bakarreko frontoiaren aurrean, eguraldi eguzkitsu batez lagundurik.

Baina denbora pasa ahala hodeiak sartzen hasi ziren …

…eta euria hasi zen. Hau dela eta, han ondoko eskola bateko aterpe “ttipittu”ra mugitu behar izan ginen han geunden guztiak. Bertan, eztu-eztu bazen  ere, ikuskizunak jarraitu zuen.

Maskarada saioa amaitzean, ondoan zegoen taberna bateko terrazan, Bizkargiko neskek trikitixarekin giroa alaitu zuten. Han egon ginen guztiok dantzan eta kantuan giroa berotuz.

Hurrengo geltokia Jai Alai Frontoia izan zen,  Musik eta Dantza ikuskizuna geneukan gure zain. Zuberoako hainbat dantza taldek eta Mixel Etchecopar Musikale eskolarekin batera, Dantza garaikide erakustaldi eta musika saio bat eskaini zuten.

Mauletik buelta bat eman ondoren, afaldu eta ostatura joan ginen lo egitera.

Domekan, ohetik altxatu eta gosariarekin indarberritu ostean, batzuk Larrabetzura bueltarako bidea hartu zuten eta beste batzuk inguruak esploratzen jarraitu genuen. Maulen gelditu ginenak, bertako gaztelua ezagutu ahal izan genuen eta bertan argazki ugari atera genituen, inguruko paisaia ere zoragarria zen eta.


Kotxea hartu genuen berriro eta Donibane-Garazi aldera jo genuen. Bertan, herria ezagutu ahal izan genuen, iparraldeko musika tipikoa erosi, piperrak agertzen ziren galtzontziloak erosten ahalegindu,  gaztelura igo, bertako arbolekin argazkiak atera eta batez ere konpainia onaz gozatu! Ibilaldi txikitxoa egin ostean, terraza baten zerbait hartzeko aukera ere izan genuen gainera.


Donibane-Garazitik bisita egin ostean, etxerako bide hartu genuen. Baina, bazkaltzeko bidean gelditu ginen eta bazkari itzela egin genuen merendero batean.

Tripa ondo beteta eta kotxeak gainezka, iparraldeko musikarekin Larrabetzura arte heldu ginen baina ez genuenez oraindik etxera joan nahi izan, Gazteleku tabernara joan ginen zerbait hartzera. A ze plazerra! Berriro errepikatzeko moduko plana! Hurrengoan etorriko al zara gurekin?