Barkoxeko bestetan!
2017-06-01Pasa den igandean, Barkoxeko bestetara joan ginen dantza saioa eskaintzeko aitzakiarekin, hango giroaz gozatzera. Goizeko 9etan atera ginen Larrabetzutik eta uste baino luzeago izan zen bidai baten ondoren, Zuberoako herrixka txiki bezain polita den honetara heldu ginen. Han, zain geneuzkan bertako dantzariak eta baita Luhusokoak ere, zintzurrak ondo bustitzen.
Eguerdiko dantza saioa eskaini ondoren, 3 taldeetako kideok elkarrekin bapo bazkaldu genuen Barkoxtar gazteek prestaturiko janaria. Ostean, sabelak pixka bat arintzeko asmoz, zenbait musika tresna atera eta bat-bateko dantza plazari ekin genion. Barre eta algara artean, dena batu eta jokoetan parte hartzeko taldeak osatu genituen; kutxa gaineko erreleboak, zaku-lasterketa, arrautza jaurtiketa, … denetarik pitin bat! Kementsu ibili ginen norgehiagokan baina denak atera ginen irabazle, lagun berriak ezagutu eta eguna primeran bideratu genuelako. Eguraldia lagun izan genuen eta beroa ekiditeko modu freskagarri asko bilatu genituen.
Arratsaldean, bigarren dantza saio bat eskaini genuen 3 probintziatatik heldutako dantzariok. Bukatutakoan, fanfarrea batek alaituta, festa giroan jarraitu genuen ahalik eta gauean Joxe Replayren kontzertua hasi zen arte. Primerako kontzertua, giro ederra baina … DIN! DON! DIN! DON! Gauerdiko kanpaiak deika hasi zitzaizkigun eta ipuin famatu batetako neskatxak bezala, alde egin behar izan genuen. Autobusera igo eta bueltan berriro urira. Dena den, guk ere ipuinean bezala, zerbait utzi genuen bertan galduta, agian nahita, agian ez … auskalo! Alde egin nahi ez eta hurrengorako aitzakia izateko akaso.
Laster arte lagunak!