Lekunberrira irteera

Bizkargi dantza elkarteak irteeratxo bat antolatu zuen joan den den urriaren 11, 12 eta 13an Nafarroara; Lekunberrira hain zuzen ere. Irteera honek, dantzari, musikari zein lagun artean giro polita sortu eta elkarren arteko hartu-emana uztartzea zituen  helburu. 

Urriak 11; barikua, arratsaldeko 19:30etan irten ginen Larrabetzutik. 40 bat lagun ginen eta beraz, autobus txiki bat alokatu genuen asteburu osorako. 

Behin, Astitzeko aterpetxera helduta, norberaren oheak hartu eta bertako tabernara jeitsi ginen afaltzera. Tripak ondo betetu behar ziren gauerako indarrak hartzeko. Afari gozoaren ondoren, autobusak Lekunberrira hurreratu gintuen. Ondo baino hobeto ezagutzen ditugun Gozategi eta Laiotz erromeria taldeak betetu zuten gaueko jaigiroa. 

Urriak 12, nolabaiteko “oste” usaia sumatzen zen zapatu goizean. Hala ere, dutxa eta gosari on bat nahikoa izan ziren indarberritzeko. Musikariek euren instrumentuak hartu eta Lekunberrirantz abiatu ginen berriro. Kantina tabernatik hasi genuen musika-poteoa tabernaz-taberna giroa alaituz, kontzertuetako karpa zegoen plazan bukatu genuen genuen. 

Eguerdiko hirurak iritsi ziren eta gosea nabari zen. Zirkulu handi bat osatuz, aterpetxean eskatutako bokatak bazkaldu genituen. Hainbat izan ziren bazkal ostean lurrean etzan eta lo egin zutenak. Beste batzuk ordea, kalean aurkitutako hegazkin more txiki batekin jolasean aritu ziren.

Arratsaldea gainean genuen. Bazkal oste honetan, taldea apur bat banatu zen, batzuk, herriko gaztetxoen dantza-saioa ikusi zuten, beste batzuk ordea, indarrak hartzeko Astitzeko aterpetxera joan ziren lo egitera, besteak, barraketara.

19:30ak aldera, berriz batu eta tragu batzuk hartu genituen elkarrekin.  Batzuentzako lan gogorra izan zen afaria eskatzea; egun hartan den-dena beteta baitzegoen. Beste batzuk, zur ibili ziren eta goiz afaldu eta berriz ere  “barraketara” joan ziren. Gauean ere giro ederra izan zen, baina oraingoan, dj baten eskutik.

Urriak 13, asteburua bukatutzak jotzeko Astitzetik paseotxo bat eman edota palara partidutxo bat jolastu eta berriz Larrabetzura bidean abiatu ginen…