Zuberoan berriro

Bizkargi Dantza Elkarteko dantzariok Zuberoan egon ginen duela aste pare bat, Atharratzen hain zuzen ere. 9 dantzari gerturatu ginen bertara eta han pasa genituen bai larunbat bai igandea. Larunbatean, goizean goiz (06:00) abiatu ginen harantz, eta bederatziak aldera heldu ginen Atharratzera oraindik ere erdi lo. Piellenia hotelean maletak utzi eta Joimo etorri zitzaigun ongi etorria ematera bere semearekin, eta beranduxeago heldu ziren beste dantzariak. Kafetxo bat hartu eta Alozeko eskolara joan ginen, bertan dantza ikastaroa martxan jartzeko. Goizean Antzina Pikaren eta Barrikadaren zuzenketak egin zizkigun Joimok, berak zioen bezala, zuberotar itxura izateko falta zitzaizkigun xehetasunak erakutsi zizkugun. Bitartean, Arratiako jota eta porruetako hiru pauso erakutsi genizkien bertakoei. Bi ordu terdiz dantzan ibili ostean, 12:30ak aldera bazkaltzera joan ginen hotelera; egia esan, bazkari goxo-goxoa jan genuen, eta arratsaldeko saioa aprobetxatzeko indarra eman zigun jandakoak.

Berriz ere Alozeko ikastolara abiatu eta satan eta pauso desberdinak erakutsi zizkigun Joimok, gero guk nahi genituen nahasketak egin eta bakoitzak bere dantza osatzeko. Zuberoako dantzariek beste hiru pauso ikasi zituzten, horrela 6 pausoko bai jota eta bai porru dotore bat ikasiz. Bostak aldera guk entseatzeari utzi eta zuberotarren entsaioa ikusteari ekin genion. Izan ere, Rage Against The Machine-n musikarekin egindako koreografia bat prestatzen dabiltza, eta egia esan originaltasunik ez zaie falta. Sei terdiak aldera hotelera itzuli eta dutxa bat hartu ostean, hotelak behean zuen tabernara jaitsi ginen San Patrick’s day eguna dela eta zegoen festaz gozatzera. Tragu pare bat hartu ostean, Atharratzeko plazan picnic mahaia zabaldu eta bertan afaldu genuen etxetik ekarritakoarekin, tripa beteta festa giroan jarraitzeko. Musikaz gozatu, beste tragu pare bat hartu (batzuk beste batzuk baino gehiago… jeje) eta lotara joan ginen.

Igandean, hamarretan hoteletik irten (gosaltzeko croissant eta napolitana egin berri goxoak jan ostean) eta GarindaƱera joan ginen barrikadak ikustera. Dantzari gaztetxoak ziren, baina fin-finak! Pena izan zen hirugarren barrikadan euria hastea, zegoen giro polita pixka bat izorratu baitzuen. Hala ere, zuberotarrak ez zuten bertan behera utzi azken barrikada, eta bazkaria egingo zen lekuan dantzatu zuten. Azkeneko dantzaldia ikusi ostean, bokata batzuk bazkaldu eta etxerako buelta hasi genuen, ordubata terdiak aldera. Laurak aldera heldu ginen etxera, nekatuta, baina oso pozik!

Eskerrik asko Joimo eta Atharratzeko dantzari guztiei, bihotz bihotzez, eta ekainak 23an ikusiko gara! Besarkada bat eta ekin dantzari!!! Izan untsa!