ZORIONAK BIZKARGI!

Duela 4 urte sortu zen Bizkargi Dantza Elkartea. Momentuz, bidea ez da oso luzea izan baina bai emankorra. Aurretik beste urte asko espero ditugun arren, pozik gaude orain arte egindakoarekin eta ospatu nahi izan dugu. Ostiralean hasi genuen jaia herriko tabernetatik triki-dantza-poteo batekin.

Ondoren, dantzariek prestatutako pintxoak afaldu genituen lagun eta senitartekoekin batera. Lehendakariaren hitzak entzun, topa egin eta tripa bete bitartean festa giroan pasa genuen gaua. Txapelketa eta guzti izan genuen!

Igandean ordea, dantza saio bikainaz gozatu genuen. Horretarako Aukeran dantza konpainiako lagunak gonbidatu genituen eta herriko frontoian elkartu ginen. Izugarri polita izan zen ikuskizuna eta Bizkargiko dantzariok ere parte hartu genuen bertan Edu Muruamendiaraz koreografoarekin batera prestatutako koreografia bat eskainiz. Esperientzia bikaina eta ikusleak poz-pozik.

   

Eskerrik asko guztioi gurekin ospatzera etorri izanagatik!